XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esana aski da, ordea, ikusteko Etxepare, Oihenarten ustearen kontra, Erdi Aroko tradizio luze batean, Elizak bereziki gorde, landu eta herriak oso ezaguna zuenean, txertaturik dagoela.

Oihenartek hori ez jakiteak eta ukatzeak harritzen gaitu biziki.

7. Gatozen bigarren puntura eta azter dezagun gure poetaren hizkera nolakoa den, herriarenetik haren herriarenetik, noski, lehenik, baina baita edozein euskal herrirenetik ere aldendua eta urrundua ala herriarena berbera; bestela esan, landua eta ikasia ala arrunta eta egunorokoa; herriaren hizkeraz den bezala baliatzen denarena ala herriak ez bezalako lege eta arauak betetzen dituenarena.

Puntu honetan guri gehien axola zaiguna ez da, izan ere, hitzen auzia; hizkera baten neurria eta batipat herrikoi izatea ala ez, ez bait dute hobekien hitzek ematen.

Hitz batzuk eta batez ere adizki batzuk, garai hartan bizirik zeuden eta gero galdu egin direnak, gorabehera, orduan, gero eta beti herri hizkeraren ezaugarri den beste puntu batek salatzen du ezerk baino hobeto inoren hizkera herrikoa den ala ez; alegia, hitzak ebakitzeko eta ahoskatzeko moduak.

Hauxe esan nahi dut: hitz lauz idatzirik dagoen obra egileak eman bezala, ezer aldatu gabe, kendu nahiz erantsi gabe, eta hitzak laburtu gabe irakur daiteke eta irakurri behar da, noski, irakurlearen euskalkia desberdina izan arren; harako obra hartan idazkera eta ahoskera, baita egilearena berarena ere, bat dira irakurlearena zer esanik ez eta irakurleari ez zaio zilegi irakurri ahala testuaren hitzak aldatzea.

Hitz neurtuz egina dagoenean, ostera, gauzak guztiz bestela dira, edota maiz izan daitezke bederen eta ia beti hala izan ohi dira.

Hitz neurtuak silaben kontu jakina baldin badu demagun hamabost dituela begiratu batera silaba gehiago dituen lerroa ere hamabost silabatara ekarri behar da, haren egileak ere, poetak alegia, itxuraz silaba gehiago idatzi badu ere, hamabostez baizik ez bait zuen bertso hura irakurri eta ahoskatu.

Har dezagun geure Etxepareren exenplua: hitzaurrea hitz lauz idatzia dago eta hitzaurreko lehen bost hitzok Erregueren aduocatu videzco eta nobleari dauden daudenean irakur daitezke eta hala irakurri zituen, agian, poetak berak, hots hamazazpi silabaz.

Baina hitz horiek berak hamabost silabatako bertsoz eginiko poemaren batean baleude, modu berean idatzirik agertu arren, bost hitz horietarik biren ahoskera aldatu egin beharko litzateke nahi eta ez, poetak berak ere aldatzen zuela aitorturik; hots, videzco eta bidezkweta eta nobleari noblyari ebakiaz.